Bideoak txiokatzen


Sare sozial berriak ez dut esango perretxikoen antzera ari direnik sortzen, baina asko dira saiakera egiten dituztenak, baina gutxi aurrera egiten dutenak. Edo ustez aurrera egiten dutenak.

Twitter eta Facebook dira sare sozial nagusiak munduan. Atzetik LinkedIn, Pinterest, Google+, Tumblr edo Instagram besteak beste. Guztiak testu, argazki eta, eta kasu gehienetan, bideoak ere erakusteko prestatuak daude. Baina bideo hauek aurrez grabatutako bideoak izaten dira.

Zerbitzu berri batek, ordea, zuzeneko bideoak bidaltzea du xedea. Zerbitzu berri honen izena Periscope da, urpekariek ingurua bistaratzeko erabiltzen duten tramankulua bezala. Sortzaileek inguruan gertatzen ari dena irudi bidez zuzenean emateko aukera eskaini nahi digute aplikazio edo sare sozial berri honekin.

Dinamika oso sinplea: emaria bidal dezakegu ala kontsumitu. Kontsumitzeko asmoa badugu aplikazioan momentu horretan dauden jario desberdinak erakutsiko dizkigu eta ikusi nahi duguna aukeratu ahalko dugu. Behin aukeratuta, telebista bat bailitzan, gertakaria entzun eta ikusteko aukera izango dugu. Horretaz gain, gure “gustuko dut” sentsazioa bidaltzeko bihotz batzuk bidal ditzakegu, baina gehiago adierazi nahi badugu iruzkinak ere gehi ditzakegu. Sinplea.

Aldiz, guk zerbait bidali nahi badugu mugikorrari beharrezko baimenak eman eta irudi eta audioa bidaltzen hasiko gara. Hori egiten ari garela ikusle kopurua ikusiko dugu eta beraien erreakzioa, bihotz eta iruzkinen bitartez.

Aplikazioak Twitterrekin lotura duenez, Twitter bidez jarraitzen dugun erabiltzaileren batek zuzeneko bat ekitera doala detektatzean abisu bat emango digu notifikazio bidez.

Momentuz aplikazioa iPhonetarako bakarrik dago garatua, baina laster izango omen da Android gailuetarako.

Beste pausu bat aurrera egiten du, beraz, zerbitzu berri honek sare sozialen munduan zuzenekoaren kontzeptua gehituz. Badirudi arrakasta hartzen ari dela baina ikusi beharko da igoera mantentzeko moduan den asko baitira ezerezean geratu diren saiakerak.

Nik oraindik kontsumitzaile moduan probatu dut baina ea hauetakoren batean jarioa sortu eta esperientzia azaltzen dizuedan.

Garbi dagoena da gero eta datu gehiago mugitzera garamatzala egungo gizarteak. Lehen 200MB ingururekin nahikoa zen mugikorreko datu kontsumoa hilabetea pasatzeko; egun, eta honek horrela jarraitzen badu, dezentez mega gehiago beharko ditugu.

One clap, two clap, three clap, forty?

By clapping more or less, you can signal to us which stories really stand out.