
Interakzio formatu berria: ¿y tú qué sabes?
Udara ezkeroztik ez dut gune honetan idatzi astero idazteko konpromisoa hartu banuen ere. Baina gaur zuekin elkarbanatzeko esperientzia interesgarri bat nuenez aukera aprobetxatu nahi dut.
Beharbada ez da lehena izango hau egiten baina nik dakidala eta probatu dudana bai. Gaur izan da “¿Y tú qué sabes?” lehiaketa programa berriaren estreneko saioa. Lehiaketa Oscar Terol aktore eta aurkezle ezagunak aurkezten du. Hiru gonbidatu ezagun behealdean eta gainontzeko anfiteatro moduko platoan hainbat unibertsitate ikasle. Oscarrek galderak luzatzen ditu eta aukera desberdinen artean erantzuna aukeratzen joan behar da. 5 bloketan banatzen dira galderak, bloke bakoitzean 10 galdera, eta erantzun zuzen bakoitzeko 2 puntu. Beraz, 100 puntu lortzeko aukera eskaintzen da.

3 famatuenen artean puntu gehien lortzen duenak bikotea osatzen du ikuslegoan puntu gehien lortu dituen ikaslearekin. Final horretan, bikoteak bi txandatan galderak erantzun behar dituzte, baina kasu honetan erantzun posibleak gehiago dira eta hiru akats baino ezin ditu egin bakoitzak. Akats guztiak burutu arte edo denbora agortu bitartean lortutako erantzun zuzenekin diru kantitate bat biltzen dute, famatuak gobernuz kanpoko elkarteari emango dio irabazitakoa eta ikasleak, berriz, diru zakua poltsikora.
Horrela kontatuta beste edozein lehiaketa saioren antzekoa dela dirudi baina badu bereizgarritasun oso interesgarri bat: etxetik parte har dezakegu gure mugikor bidez.
Saioaren aplikazioa instalatu beharko dugu gure mugikorrean (edo tabletan) eta abiarazi. Hasieran mikrofonoa aktibatzeko eskatuko digu eta telebistara gerturatu beharko dugu mugikorra. Bai, aplikazioa saioarekin sinkronizatzeko fasea da hori. Behin saioa non den detektatzen duenean, gure mugikorrean lehiaketan parte hartzen ariko bagina bezala izango da: galderak agertuko zaizkigu eta erantzuten joango gara. 4 segundo besterik ez daude galderak erantzuteko, beraz, ezin Wikipedia edo bestelakorik erabili. Buruan dugunarekin erantzun beste aukerarik ez dugu izango.

Egia esan ideia eta esperientzia gustatu zaizkit. Berritzailea iruditu zait eta lehen aldiz telebista aktiboago ikusi dudala onartu beharrean aurkitzen naiz. Bestelako lehiaketak ikusterakoan saiatzen naiz galderak neure kabuz erantzuten baina honek lotura estuagoa sortzen du. Noski, markagailua bat duzu eta erantzuna zuzen ala oker erantzun duzun berehala erakusten dizu. A ze amorrua gorriz agertzen denean!
Gaurko saioak ez du publizitate tarterik izan eta guztia jarraian izan da. Ez dakit publizitatea sartzen dutenean sinkronizazioak ondo funtzionatuko dien ala ez. Saioren batean sinkronizazioak huts egiten badie galera handia izango da eta jendeak aplikazioa erabiltzeari utziko lioke. Aldiz, gaur bezain ondo izaten bada saio guztietan, arrakasta izan dezake programa honek. Ikusi beharko da ikusleok nola erantzuten dugun.
Jakin minez geratu bazarete esan 56 puntu lortu ditudala 100etik. Ez naiz kexatzen hasierako 4–5 galderak pasirak baitziren ni aplikazioan jo eta su hasterako. Hurrengoan ea puntu gehiago lortzen ditudan!! ;-)