web.whatsapp.com

Ordenagailutik “whatsappeatzen”

Bai, seguru asko zaretela dagoeneko webgunetik Whatsappak idatzi eta jasotzen zabiltzatenak aspaldi danik, baina iPhone bat dugunoi aste honetan gaitu digute zerbitzua. Bazen garaia!

Baina nori dago zuzendua zerbitzu hau? Mugikorra eta tabletak nagusitzen ari dira eta gero eta denbora gutxiago ematen dugu ordenagailu aurrean, lanean ez bada behintzat. Horrenbestez, horiei zuzendua dagoela pentsatu beharko dugu, ni bezala, ordenagailuan zereginetan denbora pasatzen dugunoi zuzenduta, etxean nahiz lanean, mugikorra hartu beharrik gabe mezuak erantzuteko aukera emanez. Nik eskertzen dut aukera hau izatea, baina beharbada gutxiengo bat gara.

Bat-bateko mezu zerbitzu ugari ditugu jada aukeran, ez da Whatsapp bakarra, nahiz eta gurean hedatuena berau izan. Ezetz? Begira zerrenda hau: Telegram, Snapchat, Flock, Slack, Line, WeChat, Groupme, Facebook Messanger, Twitter — mezu zuzenen bidez gerra honetan sartzen ari da — , Skype, Viber, iMessage — Applen mezu sistema propioa — … eta gaur aipatzen ari garen Whatsapp besteak beste. Bai, lehia dago mezuen kontu honetan.

Gaztetxook ez duzue gogoan izango, baina gure garaikoek bai, VHS eta Betamax bideo formatuen arteko lehia hura. Edota berriagoa, DVD eta LaserDisk, hau beharbada ezezagunagoa. Bideogintzako formatuen lehia izan zen sistema hauen artean eta lehenean VHS gailendu zen Betaren gainetik nahiz eta Betaren kalitatea hobea izan. Arrazoia? Merkatuaren barneratzea; gehiengoak VHSa erosteari ekin zion eta ondorioz berau gailendu zen. Gauza bera gurean Whatsapparekin.

Uste dut badirela bat-bateko mezu zerbitzu hobeak, garatuagoak egungo beharretara, hasieratik ordenagailutik ere erabil zitezkeenak adibidez. Baina zertarako balio digu sistema garatuenak inork edo ingurukoek erabiltzen ez badute? Hori da mezu sistemen esentzia nagusia, sare sozialen antzera.

Jarrai dezagun, beraz, Whatsapp taldeak sortzen, mezuak jaso eta bidaltzen, finean, hori baita sistema honen xedea, oraingoz.

One clap, two clap, three clap, forty?

By clapping more or less, you can signal to us which stories really stand out.