Sagarraren erlojuak

Egoitz Lizaso
3 min readMar 9, 2015

Egun bat beranduago nator lerro hauek idaztera, baina Applen aurkezpen berri bat gaur zela jakinda, nahiago nuen hala izatea. Ea ba merezi izan duen atzerapen honek.

Denok geunden Applen Watch gailu berria noiz merkaturatuko zuten eta batez ere zein prezio izango zuten jakin nahi genuen. Iazko udazkenean erakutsi zuten Watch-a eta zein modelo izango ziren, baina prezioen inguruan 349 € gehi zergak izango zela preziorik baxuena aurreratu zuten. Horretaz gain Watch Sport, Watch eta Watch Edition hiru modelo izango zirela. Azken hau 18 kilatetako urrezko erlojua.

Udazkenean esan zuten zer egiteko gai den Watch, eta beranduago, azaroan, garatzaileentzat softwarea garatzeko ingurua (SDK) argitaratu zuten garatzaileek beraien aplikazioak prestatzen has zitezen.

Egia esan urtarrilean espero nuen gaurko aurkezpena baina zerbaitek atzeratu arazi du Cupertinoko enpresa. Edo ez. Biografiaren batean jakingo dugu. Kontuak kontu, gaur jakin ditugu prezioak eta salmentan noiz jarriko duten: apirilaren 24ean, nahiz eta dendatan eta eskariak egiten apirilaren 10ean hasteko aukera izango den. Hori bai, gurean iparraldean beteko dira data horiek ze hegoaldearen inguruan ez dute ezer esan. Nire aburuz astebete beranduago izango da.

Prezioetara bueltatuz, merkeena 349 $-etan salduko dute EEBBtan. Guretzako prezio errealagoak Frantziako Applen webgunean aurki ditzakegu eta horren arabera gurean 399 €-tatik hasiko dira. Garestiena, aldiz, 18.000 €. Bai, ondo irakurri duzue. Izan ere Watch Edition urrez egindako erloju esklusiboak izango dira eta Tim Cookek adierazi duenez gutxi batzuk aterako dituzte. Normala, gutxi batzuk izango dira erosiko dutenak. Beraz, gu Watch Sport eta Watch modeloei begiratu beharko diegu.

Aldagaiak sei dira orokorrean: tamaina, materiala, kolorea/bukaera eta uhala.

Bi dira tamainak, 38mm eta 42mm. Hau erlojuaren gorputzaren tamaina da. Bien artean 50 €-ko aldea dago. Ez zait gehiegizko aldea iruditu Apple ezagututa.

Materialak, aurrez aipatutako urrezkoa albo batera utzita, ere bi dira: aluminiozkoa eta altzairuzkoa. Aluminiozkoa arinagoa izateaz gain merkeena da, 399 € tamaina txikienekoa. Tamaina bera nahiko bagenuke altzairuan 250 € gehiago kostako zaigu.

Kolorea/bukaera bi materialetan berdinak dira: grisa eta gris espaziala hots egiten dietena, belztutakoa. Badirudi aluminiozkoen artean bi koloreak prezio bera izango dutela baina altzairuzkoan garestiagoa izango dela dirudi, guztietan garestiena webgunean agertzen denaren arabera mailazko uhalarekin erosi beharko litzateke eta kostua 1.199 € eta 1.249 €-koa tamainaren baitan. Hauxe da Watch Edition modeloaz gain gamako garestiena.

Amaitzeko uhalak daude. Merkeenak 99 €-koak dira, plastikozkoak, eta garestienak mailazko uhalezkoak, 499 € bakoitza.

Eta teknikoki zer? Bada Watch guztiak berdinak direla dirudi aipatutako desberdintasunak salbu: memoria bera, S1 prozesadore bera,… Hau ikusita badirudi ez dela “geek” garenontzako produktu abanikoa, moda gustatzen zienentzako baizik. Kontutan izan orain arteko Applen produktu guztietan prozesamendu, kapazitate edota konektibitate — Wifia ala 3G/4G— ezaugarrien baitan bereizi direla prezioak. Oraingoan ez, material eta diseinuan bereizten du Watch bat bestearengatik, guztiek prozesamendu gaitasun bera dutelarik.

Horrenbestez, Applek erlojua modako gailu bezala tratatzea erabaki duela argi geratu da. Beharbada hori da gainontzeko smart watch-etatik bereizteko behar duen estrategia. Izan ere, diseinuaz gain, ez zait iruditzen konpetentzia baino gailu “hobeagorik” merkaturatuko duenik. Baina gauza bera izan zen iPodarekin, iPhonearekin eta azkenik iPadarekin. Ikusiko ditugu salmenta emaitzak maiatza aldera eta seguru milaka baino milioika izango direla zenbatuak.

--

--