Transfusioen Euskal Zentroak bi greba egun deitu ditu Osakidetzaren diskriminazioa salatzeko

LAB Osakidetza
2 min readNov 25, 2021

--

Abenduaren 9an eta 10ean, TGEEZko langileek borroka areagotuko dute gainerako osasun-profesionalekin lan-baldintzak berdintzea eskatzeko eta Euskal Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendari berriak erakusten duen negoziatzeko gaitasun eza salatzeko

Bilbo, 2021eko azaroaren 24a. SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta UTESE sindikatuek Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek jasaten duten diskriminazioa salatu dute, bai eta Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari berria, Luisa Larrauri, erakusten ari den negoziatzeko gaitasun eza ere, gaur, mahai sektoriala egiten ari zen bitartean, lan-gatazkari irtenbide bat eman ahal izateko orain arte zegoen proposamen bakarra kendu baitu.

Sindikatuentzat ulertezina da “bereizketa desegoki hori, langile horiek egiten duten lanaren errealitatetik urrun dagoena. Horregatik, haien baldintzak berehala parekatu behar dira Osakidetzako gainerako arreta espezializatukoekin”. Osasun-profesionalen plantilla hori funtsezkoa da Osasun Zerbitzu Publikoaren barruan, eta etengabe koordinatzen da sareko beste ospitale batzuekin, odol-bankurik ez dutenei zerbitzua emanez, edo beste zentro batzuetara joanez ehunak lortzeko. Era berean, langile horiek ospitale barrura joaten dira bertan dauden pazienteak artatzera.

Bestalde, Galdakaoko Ospitaleko laginak, ehunak eta hemoderibatuak kudeatzen ditu, eta ama-esnearen bankuko esnea kudeatzen du Euskadi osoan. “Osakidetzaren ospitale-sarean integratuta daude erabat, eta, horregatik, ez da ulertzen lankideekin parekatzea ukatzea”, sindikatuek azaldu dutenez.

Mobilizazioak eta greba-egunak

Dagoeneko 10 hilabete igaro dira zentroko langileek lehenengo mobilizazioak egin zituztenetik, baina Osakidetzak ordezkari gorenen bitartez erakusten duen utzikeria eta, batez ere, negoziatzeko gaitasunik eza ikusita, neurri berriak iragarri dira “bidezkoa dena eskatzeko”.

Helburu horrekin, “bi greba-egun deituko ditugu abenduaren 9an eta 10ean, eta beste mobilizazio batzuei gehituko zaizkie, soldatak parekatzea eskatzeko. Osakidetzak TGEEZko langile guztiei ordaindu beharko die ospitaleko gainerako langileek kobratzen duten %4ko osagarria, atzeraeraginezko izaerarekin, eta, horrela, berehala ezabatuko da kolektibo horrek jasaten duen diskriminazioa”, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta UTESE sindikatuek amaitzen dute gogoratzen “Osakidetza murrizketak sistematikoki aplikatzen ari dela, baina ez dugula onartuko langileen eskubideetan beste murrizketarik egitea, murrizketa horiek eragin zuzena baitute herritarrei eskaintzen zaien osasun-laguntzan”.

--

--