Rick Owens: Gordintasuna Dotore Bihurtu

Lierni Lasheras
2 min readDec 31, 2023

--

Richard Saturnino Owens, internazionalki Rick Owens izenarekin ezaguna dena, 1962ko azaroaren 18an jaio zen Portervillen (Kalifornia). Moda garaikidean eduki duen eragina ukaezina da, izan ere, bere ikuspegi abangoardistak moda munduan diseinatzaile ezagunenetako bat bihurtu du, bere estetika munduan zehar zabalduz.

Owensek Otis/Parsons School of Art and Design eskolan ikasi zuen Los Angelesen, non modarekiko interesa garatzen hasi zen. 2003an Michèle Lamy emaztearekin Parisera bizitzera joan ondoren, Rick Owensek bere izena inspirazio gisa hartzen duen marka sortu zuen. Hala ere, disenatzaile honek edukitako eragina ez da arropetara soilik mugatzen, pasabideetatik haratago hedatzen da, altzarien diseinuan eta diziplina anitzeko proiektuetan bere arrastoa utziz.

Esan Bezala, Rick Owensen estiloa indar abangoardistarengatik bihurtu da bereizigarri moda industrian, ohiko arauei eta tradizioei erronka eginez estetika bakar eta probokatzaile bateko arropak aurkeztuz urtez urte. Bere ikuspegi ausarta ebakidura asimetrikoen eta gehiegizko silueten bidez adierazten da, jantzi bakoitzean ikusizko arkitektura bat sortuz. Kolore-paleta, gehienetan iluna, kolore beltzez, grisez eta oliba-berdez osatua, bere diseinuen atmosfera bakar eta goibelari laguntzen dio.

Owensek etorkizuneratz baliagarri izango diren piezak sortzen ditu, kalitate ezinobezko materialak erabiliz, hala nola larrua, artilea, etab. Oihaletan xehetasunekiko arreta zorrotza nabarmentzen da, bere markarekin lotutako luxu-sentsazioa indartuz. Ikus dezakegun bezala, azpikultura alternatiboetan aurkitzen du disenatzaileak inspirazioa, musika industrialean eta gotikoan adibidez, bere sorkuntzei ukitu errebelde eta probokatzailea emanez.

Arroparekiko duen ikuspegiaz gain, Owensen oinetakoen diseinuak ere guztiz berritzaileak dira, ezohiko diseinu abangoardistak aurkeztuz, hauen tamaina handiarengatik ezagunak. Diseinatzaileak “glamour brutal” terminoa erabili du bere estetika deskribatzeko, gordintasunaren eta sofistikazioaren fusio paregabearengatik nabarmendua, antitesi ezinobea aurkeztuz.

Oro har, Rick Owensen estiloa ez da soilik modako adierazpen bat, baizik eta errebeldia eta originaltasun adierazpen bat eszena garaikidean. Mugak desafiatzeko duen gaitasuna eta modan duen eragina agerian geratzen dira bere pasabide abangoardisten jantzi eta urrats bakoitzean, eta modaren munduan eragin handia eta ausarta duen figura gisa sendotzen da

--

--