Kuttuna — Zaindu maite duzun hori

amaia
magnet.coop
Published in
3 min readApr 3, 2020

Koronabirusak gure gizartean sortu duen egoera denok ezagutzen dugu, eta guztiok pairatzen dugu era batean edo bestean. SARS-CoV-2-ak birusak eragiten duen Covid-19 arnasketa gaixotasunak osasun sisteman sortu duen kalamitateak eta hau apaltzen saiatzeko ezarritako larrialdi egoerak buruz behera jarri du gure bizimodua. Ohiko hezkuntza, lana eta elkarbizitza irauli egin dira aste batzuen barruan eta denok nola edo hala aurre egin behar izan diogu bizimolde berriari.

Ezohizko egoera honetan herritarren arteko elkartasun ekimen ugari martxan jarri dira, bakarka batzuk eta beste batzuk era antolatuagoan, larrialdi egoerak baimentzen duen heinean.

Gure inguruan egoera berriak izan duen eragin agerikoenetako bat herrietako merkatari txiki eta profesional autonomoengan izan duena da. Zuzeneko harremana ogibidearen funtsa duten jarduerak izaki, larrialdi egoerak eragindako aktibitatearen eteteak kolpe latza eman dio lehen ere larri zebilen sektoreari.

Magnet-en gure ekarpena egin nahi izan dugu dendari, merkatari eta herritarrei begirako negozio txiki hauei laguntzeko asmoz. Sare sozialetan, batez ere Erresuma Batuan, ikusi ditugu tokiko merkataritza sustatzeko deiak, opari txartelak erosiz lokal fisikoak (brick-and-mortar shops) itxita dauden artean. Gure lankide batek ere tratu berdina egin du bere ohiko ile-apaintzailearekin, orain ordaindu dio gerora erabiliko duen zerbitzu bat. Hau dena zertarako? Diru sarrerarik ez duten garai hauetan diru-sartze minimo batzuk eduki ditzaten.

Zer da Kuttuna.org?

“Zaindu maite duzun hori”, denok ezagutzen dugu Oñatiko abeslari ezagunaren kantua. Kasu honetan, bi aldetatik tira egiten diogu esaldiari: alde batetik, gure herriko denda eta jarduerak zainduz, eta beste aldetik, bonu txartelak askotan opari bezala erabiltzen direnez, gure ingurukoak mimatuz (geure burua barne!).

Laburbilduz, Kuttuna.org gure herrietako merkataritza eta zerbitzu txikietan erabiltzeko bonu txartelak erosteko web plataforma bat da.

Denda eta zerbitzu hauetan erabiltzeko bonu txartelak erosiz, herritarrek euren denda kuttunak zaindu ditzakete. Aurrerago, konfinamendu egoera bukatzean eta dendak eta zerbitzuak berriro irekitzean, bonu txartelak erabili ahalko dituzte, produktu eta zerbitzuekin trukatuz. Bitartean, saltoki hauek diru-sarrera batzuk izan ditzakete konfinamendu egoerak jarraitzen duen bitartean.

Nor dago Kuttuna.org-en atzean?

Magnet Kooperatibaren ekimena da Kuttuna.org, gure herriko dendari, ostalari eta profesional autonomoen egoera ikusita sortutako proiektua. Bertako hainbat dendari eta profesional ezagutzen ditugu, eta euren egoera zaila ikusita laguntzeko asmoz sortutako ideia izan da.

Argi utzi nahi dugu proiektu hau elkartasunetik eraikia izan dela, eta erosleak ordaintzen duen diru guztia zuzenean merkatariari bideratuko zaiola (Stripe ordainketa pasabideak salerosketa komisioa jasoko du, kostu hau sahietsezina baita online bidezko merkataritzan).

Magnet-en gure gain hartu ditugu domeinuaren erosketa, web aplikazioaren ahokalekua, eta batez ere gure lanordu ugari, aplikazioa diseinatzen, garatzen eta zabaltzen eman ditugunak.

Nola funtzionatzen du Kuttuna.org-ek

Bonu txartela eskuratu ahal izateko Kuttuna.org-en erregistratu behar da lehenengo, erabiltzaile bezala. Behin erregistratuta, email helbide eta pasahitzarekin hasi daiteke saioa.

Erosleak herriko dendari, ostalari edo profesional kuttuna aurkitu ondoren, zenbat euroko bonu txartela erosi nahi duen aukeratzen du. Diru hau zuzenean merkatariari bideratuko zaio.

Bonu txartela erositakoan, PDF formatuko fitxategi bat deskargatu ahalko da Kuttuna aplikaziotik. Fitxategi hau eroslearean emailera ere bidaliko da, eta Kuttuna.org-eko bakoitzaren erabiltzaile kontuan eskuragarri izango da beti.

Nola erabili Kuttuna bonu-txartela?

Bonu-txartela PDF formatuan gordeko da aplikazioan. Erosleak PDF hau inprimatu dezake, edo Kuttuna aplikazioa mugikorrean ireki (edozein nabigatzailetan) eta dendariari erakutsi.

Bonu-txartelak QR kode bat izango du txartelaren informazio guztiarekin: eroslea, erosketa data, zenbatekoa, etab. QR kode honekin dendariak bonu-txartela identifikatuko du, eta beronek ordezkatzen duen diru zenbatekoaren pareko erosketa bat egitera bideratuko du eroslea. Bonu-txartelaren kontsumo totala egiten ez bada, hurrengo erosketa baterako gordeta geratuko da erabili gabeko kantitatea.

Gaur Kuttuna.org martxan jartzen dugun honetan, Magnet-en borondate, ilusio eta ahaleginak herritarren elkartasunarekin bat egitea da ekimena gauzatzeko beharrezko mugarria.

Zalantzaz eta itzalez beteriko etorkizuna aurrean daukagunean, zaindu dezagun maite dugun hori.

--

--