Gazteak ginenean

Coloradoko arroilan, 1985ean

Joxe Aranzabal
2 min readJan 15, 2014

Ordenagailuan ari nintzela arakatzen, bertan hainbat argazki aurkitu nituen aspaldi samarrekoak, 80. hamarraldian Bego eta biok Ipar Ameriketan ibili ginenekoak. Goiko honek eman dit atentzioa, sinisteko zaila bada ere, argazkiko hori neu naizelako, gaur egun baino gazteago eta ile dezente gehiagorekin.

Boisen, Vancouverren eta Ottawan lau urte eta erdi lanean egin ondoren, eta Israelera joan aurretik, erabaki genuen hilabeteko bidaia egingo genuela furgonetaz AEBetan zehar. Toronton hasi ginen eta San Frantziskon amaitu, New York, Washington, Miami, New Orleans, Houston, Santa Fe, Las Vegas eta Los Angeles, besteak beste, igarota. Coloradon ere izan ginen, eta bertako arroilan dago aterata argazki hau.

Torontoko agentzia batek antolatu zuen bidaia, eta berak jarri zuen furgoneta. Gidari kanadarrarekin batera, bertan joan ginen hiru neska australiar, beste neska aleman bat eta euskaldun bi, gu. New Yorken eta Las Vegasen izan ezik, gainerako tokietan kanpinetan egin genuen lo, eta txandak egiten genituen eguneroko lanak egiteko: erosketak egin, dendak jarri, sukaldatu, garbitu…

Bidaia ederra izan zen, eta, teknikoki Los Angelesen amaitu zen, baina Begok eta biok beste astebetez luzatu genuen txangoa, aprobetxatuta Los Angelesen lagun euskaldun bat geneukala eta San Frantzisko ere bisitatu nahi izan genuela. Azken hiri hau gure kasa bisitatu genuen.

Bego Larrañaga
eta Joxe Aranzabal
San Frantziskon,
1985eko udazkenean.

Urtebete egiteko asmoarekin abiatu ginen Ipar Ameriketara, 1981ean, baina bost urte geroago etxeratu ginen, 1986an, gure bizitzetako esperientzia bizi izanda. Bitarte horretan ingelesa eta hebraiera ikasi genituen (azken hau oinarrizko mailan), hainbat lan egin genuen, eta bazterrak ezagutu genituen, hori izan zen-eta gure denborapasarik handiena.

Hau guztiau hemen kontatu dut probatzeko zelakoa den Medium blog plataforma. Oso erabilerraza iruditu zait, eta malgua.

--

--

Joxe Aranzabal

I live in Elorrio, Basque Country. I work in Mondragon University, at the Humanities & Education Faculty (HUHEZI). Faroa is the name of my blog